XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hala ere, Izar Beltzako gozotasunean murgildurik, atea zabaltzen zenean bakarrik jasotzen genuen kalean jotzen ari zen ekaitzaren berri.

Ni ohi nuen mahaitxoan egon ordez, barra ondoko hankaluzeko eserleku batean jarrita nengoen Xixoteren aldamenean.

Tartetxo bat generaman biok nor bere ontziari begira eta elkarri txintik esateke.

Kaleko atea zabaldu zen eta enbataren orroa entzungarri bilakatu zen. Ohizko bezero bat tabernako giro beroan murgildu zen korrika.

- Hau hotza! -esan zuen- Horrelakorik ez diat inoiz ikusi.

Xixotek bere edalontziari begiratzeari utzi zion, burua biratu egin zuen eta sartu berriari so eginez,

- Kanpokua, Luziferren labia irudituko litzaiake, nik pasatutakuak pasa ta gero -bota zion erronkatsu bere ahots urratu eta zakarrez.

Tabernako solasaldiak eten egin ziren guztiak batera, denak Xixoteri begira jarri zitzaizkiolarik.

Xixoteren kontakizunetako bat bazetorrela igartzen zen giroan.

Jendea egarriz zegoen, aspalditxotik Xixote mutu xamar baitzebilen.

- Lasai motel! Hau baino hotz handiagorik dagoenik ez diat ukatzen, guk ez diagu horrelakorik ikusi ordea -defendatu zuen sartu berriak bere burua.

- Siberian ere ibili al haiz Xixote ? -zirikatu zuen bezeroetako beste batek.

- Aluba! Siberia'a hi jun biharko hintzan -erantzun zion Xixotek zakar xamar.

- Tira gizon! Ez haiz ba, zapuztuko! -xuxurlatu nion, Haserretu eta istorioa kontatzeari utz ziezaion beldurrez.

- Ze zaputz ta zapuztondo! Babu horrek esandakuak enatxik espantatzen -esan zuen eta edalontziarekin topa-keinua eginez trago luzea jo zuen.

Isiltasunik handiena zegoen Izar Beltzaren barnean.